Eduki publikatzailea
Atzealdea Helduentzako hiru ikastaro antolatu ditu Asteasuko Udalak udazkenerako
2026·09·23

Asteasuko Udalak helduentzako hiru ikastaro antolatu ditu datozen hilabeteetarako. Erantzun publikoari, zoru pelbikoari eta barreterapiari buruzko saioak izango dira.
Erantzun publikorako protokoloa ikastaroa urriaren 1ean izango da, 17:30etik 19:30era, udaletxean. Indarkeria matxistaren aurrean erantzun publiko sendoagoa, koordinatuagoa eta eraginkorragoa eraikitzea izango du helburu. Asteasuko Erantzun Publikorako Protokolo berria ezagutzeaz gain, egoeren aurrean nola jardun eta nola koordinatu aztertuko da. 16 urtetik gorako herritar eta eragile guztiei zuzenduta dago, eta euskaraz izango da.
Gure zoru pelbikoa konkistatuz ikastaroa Sara Majarenas fisioterapeutak eskainiko du azaroaren 26an eta abenduaren 10ean eta 17an, 17:30etik 19:30era, udaletxean. Zoru pelbikoa ezagutu, landu eta zaintzeko tailerra izango da, teoria, ariketak eta praktika uztartuta. Emakumeei zuzenduta dago, gehienez 18 lagunentzat, eta euskaraz izango da.
Azkenik, Barreterapia: umorea bizirik saioa Ana Eguiazabalek eskainiko du urriaren 24an, 11:30etik 13:30era, udaletxean. Jolasaren, barrearen eta dinamika gidatuen bidez konfiantzazko giroa sortzea, tentsioak askatzea eta ongizate emozionala sustatzea izango dira saioaren ardatzak. Emakumeei zuzenduta dago, gehienez 20 lagunentzat, eta elebitan izango da.
Ikastaroetan parte hartzeko irailaren 29ra arte eman daiteke izena, karteleko QR kodearen bidez edo 626 23 58 84 telefono zenbakira deituta.
