Muskerraren bidea

MUSKERRAREN BIDEA

Asteasuko Udalak eta Bernardo Atxagak proposatzen dizute mundu osoan ezagun egin den alegiazko lurralde literarioa inspiratu zuen parajeak bertatik bertara ezagutzea. Asteasuko herrigunean bi kilometroko ibilbidea osatzen du Muskerraren Bideak. Tokiko informazio zabalarekin zazpi interpretazio-panel daude jarrita, testu, ilustrazio, mapa eta argazkiekin.

Obabaren inguruan sortutako unibertso literarioa beste hainbat argitalpenetan agertzen da; esaterako, Sugeak txoriari begiratzen dionean (1989) edota Bi anai (1995) lanetan. Ondare hori guztia dibulgatzeko helburuarekin, Asteasuko Udalak Muskerraren bidea sortu zuen 2015ean, Donostia 2016 kultur hiriburutzarekin lankidetzan.

“Idazterakoan, askotan, lur bat behar duzu, kale bat, auzo bat, eliza bat, etxe bat behar duzu eta hoberena da abstraktuki pentsatu beharrean, modu zehatz eta konkretuan pentsatzea. Eta etxe bat esatean, etxe jakin bat izatea gogoan. Alde horretatik, Asteasu izan da Obaba lurraldearen atzean dagoen herria”.

(Bernardo Atxaga)

www.muskerrarenbidea.eus

 

Bisita gidatuak

Muskerraren Bideko bisita gidatuak eskaintzen ditu Asteasuko Udalak:

  • Ikastetxeentzat
  • Taldeentzat

Bisita eskatzeko: muskerrarenbidea@gmail.com / 943 69 19 07

Asteasu Obaba App

Asteasu Obaba aplikazioarekin, ibilbidearen esperientzia osatuko duzu, Bernardo Atxagak berak gidatuta.

 

Asteasu Obaba: Bide Herria

Gipuzkoako bide historiko nagusien artean dago Asteasu. Autoek eta errepideek gure paisaiak, bizimodua eta kultura aldatu aurretik, hala kostara, nola barrualdera joateko zihoazen bideek gurutzatzen zuten Asteasu.

Ezaugarri horrek markatu du hein handi batean Asteasuren izaera eta ondare zabala utzi du. Gaur egun, errepide nagusietatik aparte dagoenean hain zuzen, ezkutuan dagoen ondare hori erakusteko eta balioa emateko unea da.

Ondare hori ezagutarazteko, egungo gizarte-parametroetara egokitutzen den aisia eta turismo eskaintza prestatzea eta atontzea da Asteasuko Udalaren xedea. Dagoeneko abian da ekimen hori, mundu osoan ezaguna den asteasuar baten emari literariotik.