Agenda

Atrás Santa Eske berezia

Pello Errotaren heriotzaren mendeurren ekitaldien barruan, 2019ko lehena izango da. Usarrabi koroa, Asteasuko trikitilariak eta panderistak, eta bertsolariak ariko dira: Maialen Lujanbio, Aitor Sarriegi, eta Oihana Iguaran.
04 FEB

Otsailaren 3an Pello Errotaren heriotzaren mendeurrena izango da. Hori aitzakia moduan hartuta, aurten Santa Ageda bezperako eskeari garrantzia berezia eman nahi izan diogu eta horregatik, otsailaren 4an, astelehenez, Maialen Lujanbio, Aitor Sarriegi eta Oihana Iguaran bertsolariak etorriko dira Asteasura eskera. Herrian eskean aritzeko, hiru talde egingo dira eta talde bakoitzak herriko gune bat pasako du etxez etxe. Bertsolariek Usarrabi abesbatzakoen eta Asteasuko trikiti eta pandero-joleen laguntza izango dute.

Usarrabi abesbatzakoek 16:00etan emango diote hasiera eskeari eta Elizmendiko zati batean eta Behebailaran ariko dira eskean.

Beste bi taldeak, berriz, 17:00etan hasiko dira eskean Asteasuko plazatik abiatuta.

  • Aitor Sarriegi eta Oihana Iguaran bertsolariak ELIZMENDIn zehar ariko dira eskean (oinez).
  • Maialen Lujanbio eta Haritz Mujika bertsolariak ERREKA BAILARAn ariko dira eskean (kotxeetan).

19:00etan talde guztiak Aitz Ondo Elkartean bilduko dira eta herriguneko eskeko errondari ekingo diote denek elkarrekin. Bertan, herriko gune eta taberna desberdinak pasako dituzte. Eskea 20:30ak alderako bukatzea aurreikusita dago.

Herritar guztiok gonbidatuta zaudete zuen gustuko taldea eta ibilbidea aukeratu eta eskean ateratzera, ohitura zaharra indartu asmoz. 17:00etan atera ezin duzuenok, berriz, zatozte 19:00etan Aitz Ondo Elkartera eta lagundu koplariei kaleko azken erronda osatzen. Eskertuko genizueke baserritar arropaz jantzita etortzea.