Eduki publikatzailea
Atzealdea

Pello Errotaren mendeurren ekitaldien 2019ko egitaraua aurkeztuta

Gaur aurkeztu da udaletxean Pello Errotaren heriotzaren mendeurreneko ekitaldien egitaraua. Horrekin batera, Pello Errota eskolarekin landutako unitate didaktikoa aurkeztu da.

2019·01·30


Zenbait ekitaldi antolatu ditu Asteasuko Udalak 2019an zehar Pello Errotaren heriotzaren mendeurrena oroitzeko, eta otsailaren 4an hasiko dira, Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran, eta Aitor Sarriegi kantuan ariko diren Santa Eske bereziarekin. Bertsotik harago, publiko zabalari zuzendutako jarduerak dira gehienak, eta bereziki asteasuarrei, mendeurrenaren helburua baita Asteasuko ondarearen balioa aitortzea eta nortasuna sendotzea.

Anitza da egitarauko eskaintza: Santa Eskea, Pello Errota eskolarekin elkarlanean egindako unitate didaktikoa, Erradikalak gara emanaldia, Bernardo Atxagaren eta Xabi Payaren hitzaldia, Pello Errotaren bertso-sortekin Eñaut Agirrek emango duen kontzertua… Horrekin batera, eta bertsolaritzari zuzenean lotuta, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren aurkezpena egingo da Asteasun, eta udaberriko kanporaketa-saio bat.

Arnas luzeko ekimena

Heldu den igandean, otsailaren 3an, beteko dira zehazki ehun urte Pedro Elizegi Pello Errota hil zenetik. Udalaren helburua, ordea, ez da arreta efemeridean jartzea, Pello Errotaren irudiak jasotzen dituen ondarean eta balioetan baizik. Horren ondorioz, bi urteko ekitaldi-sorta jarri zuen martxan iaz, eta 2018 urtean hainbat jarduera eta ekitaldi egin ziren.

Besteak beste, arreta berezia eman zaio Mikaela Elizegiri, Pello Errotaren alabari. Batetik, Mikaelari esker izan dugulako Pello Errotaren berri, Antonio Zavalaren Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua liburuaren bidez; bestetik, Mikaela Elizegik berak sortzaile gisa duen balioak ez duelako merezitako aitortzarik jaso.

Ekitaldiak antolatzeko orduan, zenbait elkarterekin ari da lanean Asteasuko Udala. Batetik, Aiztondoko Harituz elkartearekin elkarlan estuan antolatu dira hainbat ekimen, eta Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen eskutik, 2019ko Gipuzkoako Txapelketaren azken fasea aurkeztuko da udazkenean Asteasun.

Unitate didaktikoa

Pello Errota eskolarekin batera, unitate didaktiko bat egin du Asteasuko Udalak. Lehen Hezkuntzako haurrei zuzenduta dago, eta Pello Errotaren eta Mikaela Elizagiren aro historikoak hari gidaritzat hartuta, Asteasuren historia eta bilakaera lantzen ditu. Zuzenean, ez da bertsolaritza unitatean lantzen den gaia, bestela ere eskolan lantzen baitute haurrek.

Horrekin batera, adin bakoitzari egokitutako konpetentziak lantzeko ariketak planteatzen dira: sormena, ezagutza, parekidetasuna, ahozkotasuna, etab. Esaterako, ikerketa-gaitasunak lantzeko Asteasuko errotak ezagutzeko irteera eta lanketa bat planteatzen du unitateak, baita Mikaelak kontatutako istorioen kontaketa, ahozko transmisioa lantzeko.

Santa Eske berezia

2019ko ekitaldiak Santa Eske berezi batekin hasiko dira. Aurten Aitor Sarriegi, Oihana Iguaran eta Maialen Lujanbio bertsolariak etorriko dira kopla kantari aritzera. Ohituraz, Agustin Olarrea Goikoakoa, Aiako Lertxundi eta Haritz Mujika aritzen dira. Beraz, aurten, sei koplari ariko dira.

Haiekin batera ariko dira Usarrabi koroa eta Juan Tapiaren ikasleak. Hiru talde egingo dira eta herriko beste hainbat gune edota auzo pasako dituzte. Horrez gain, Pello Errota eskolakoek goizean Andazarrete eta Upazan pasako dituzte. Arratsaldeko hiru taldeek Beballara, Errekaballara eta Elizmendi.

17:00etan hasiko da eskea, eta talde bakoitzak bere aldetik egingo duen ibilbidea eginda, 19:00etan denak Aitzondo elkartean elkartuko dira. Handik, herrian zehar denok elkarrekin azken erronda egingo dute tabernaz taberna, 20:30 inguru arte.