Kulturarteko festaren egitaratua aurkeztu da
2023·10·16
Hainbat urte dira ekitaldi hau ospatzen dela herrian eta, azken bi urteetan bezala, aurten ere MUNDU BAT ASTEASUN! proiektuan baitan egingo da eta egitaraua egitasmo honen kideekin elkarlanean landu du Udalak.
Iaz bezala, aurten ere egun bateko ekitalditik harago joan nahi izan da, hainbat egunetan ekitaldiak programatuz. Helburua da, festa egitearekin batera, ekitaldia mamiz eta edukiz betetzea. Horren harira programatu dira osteguneko DIVINAS elkarteak antolatutako “Africa no es un país” hitzaldia, edota ostiraleko ipuin kontaketa (“Mundu misteriosoa”, Intujai teatro konpainiaren eskutik).
Igandean, hilak 22, urtero bezala, munduko sukaldaritzak probatzeko aukera izango da. Aurten 14 herrialdetako jaki eta edanak izango ditugu. Aurretik haurren jolasak egongo dira.
Herrialdeetako postuetako jan-edanak bukatu ondoren, ekitalditxo bat antolatu da. Bertan bilduko gara MUNDU BAT ASTEASUN! ekimenean parte hartzen dugun guztiak, eta noski, herritar guztiak bertan parte hartzera gonbidatuta daude. Ekitaldia irekitzeko, aurten, lehendabiziko aldiz, herrira azken urtean atzerritik etorri diren herritarrei ongi etorria emateko ekitaldi bat egingo da.
Ekitaldi honetan, kafea eta gozoak lagun, bertako kultura eta atzerritik etorritako herritarren kultura uztartuko ditugu: herriko bertsolariak koplaka arituko dira, euskaraz eta gazteleraz; hainbat euskal dantza ere dantzatuko ditugu; eta ondoren Ecuador eta Afrika mendebaldeko dantzen erakustaldiak izango ditugu. Ekitaldiari, urtero bezala, piñatarekin emango zaio bukaera.
Asteasuko Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu ekitaldian parte hartzera.