Eduki publikatzailea
Atzealdea

KORONABIRUSA: OSASUN-LARRIALDIARI BURUZKO ERTZAINTZAREN ETA UDALTZAINGOEN IRIZPIDEAK (2020ko martxoaren 25eko berrikusketa)

Merkataritza-jarduerak edo antzekoak irekitzeari buruz. Ireki al daitezke? Merkataritza-jarduerak edo antzekoak irekitzeari buruz. Zeintzuk eta noiz ireki daitezke?

2020·03·27


Premisa gisa, sektore guztietan dago baimenduta lan-jarduera, eta ezin dira jendearentzat ireki txikizkako lokal eta establezimenduak, 1. puntuan jasotakoak izan ezik.

1. Ze merkataritza-lokal egon daitezke irekita? Hauek bakarrik: janari eta edari dendak, farmaziak, osasun-zentroak, optikak, ortopediak, higiene-produktuen dendak, prentsa eta paper dendak, gasolindegiak, estankoak, teknologiako eta telekomunikazioetako produktuen dendak, etxeko animalientzat janaria saltzen dutenak, Internet, telefono edo posta bidezko merkataritza-dendak, tindategiak, arropa-garbitegiak eta albaitaritza-klinikak, ibilgailuak alokatzeko enpresak, banku-erakundeak, notarioak, aholkularitzak eta aseguru-erakundeak.

2. Jendearentzat itxita dauden jatetxe eta janari-establezimenduek prestatu al dezakete etxera eramateko janaria? Etxez etxeko salmenta bakarrik dago berariaz baimenduta.

3. Janari-establezimenduek saldu al dezakete prestatutako janaria? Eramateko baldin bada bakarrik. Inola ere ezin da establezimenduan kontsumitu.

4. Okindegiek saldu al dezakete edaririk, kafea barne dela? Eramateko bakarrik sal ditzakete produktuak, inola ere ez establezimenduan kontsumitzeko.

5. Ireki al daiteke zerbitzugune edo gasolindegi bateko jatetxea edo kafetegia? Ez, baina dendan janaria eta edaria sal daiteke.

6. Ile-apaindegiak? Lokala ezin da ireki. Etxez etxeko zerbitzu profesionala onartuta dago.

7. Lokutorioak? Transakzio ekonomikoak egiteko bakarrik egongo dira zabalik.

8. Asteroko azokak? Bai, baimendutako produktuak saltzeko bakarrik, eta ezarritako osasun-arauak betetzen badira.

9. Automozioko tailer mekanikoak? Bai, baina premiazko konponketak egiteko bakarrik.

10. Fabrikatu ere egiten duten merkataritza-jarduerek lan egin al dezakete ateak itxita?

Bai, baldin eta tailer propioa badaukate eta jendearentzat itxita egonda lan egin ahal badute.

11. Jendearentzat irekita egoteko baimenik ez daukaten establezimenduek barruan mantentze- eta hobetze-lanak egin ditzakete? Bai.

12. Nutrizio-produktuak saltzen dituen denda bat egon daiteke jendearentzat irekita?

Bai, baina premia-premiazko produktuen salmentarako bakarrik. Adibidez, zeliakoentzako janariak.

13. Kultu-tokietara eta zeremonia zibiletara eta erlijio-zeremonietara joatea baimenduta dago? Bai, baina osasun arloko agintaritzak unean-unean aplikatzen doan neurriak betetzen badira.

14. Baratzetako edota negutegietako lanak eta haien antzekoak Baldin eta jarduera profesionala bada, baimenduta daude.

15. Establezimendu batean sartzean, zer neurri mota hartu behar dira? Establezimenduaren barruan ahalik eta gutxien egon behar da, egin beharreko erosketak egiteko ezinbestekoa den denbora baino ez. Pertsonen artean 1 eta 2 metro bitarteko tartea uztea gomendatzen da.

16. Hotelak, apartahotelak eta landa-etxeak irekitzea

Turismo-ostatu jakin batzuen antean, funtsezko zerbitzu izendatu dira, langileei ostatu-zerbitzua emateko.

JOAN-ETORRIEI BURUZ

1. Ziurtagiri edo agiriren bat eraman behar al da oinez edo autoan zirkulatu ahal izateko? Identifikatzen diren pertsonei ez zaie inolako ziurtagiririk eskatuko, nahiz eta baloratu egingo den joan-etorria justifikatzeko ematen duen informazioa. Emandako informazioak zalantzaren bat sortzen badu, beste bitarteko batzuk erabiliz egiaztatu ahal izango da. Oraingoz ez dago mugikortasun-ziurtagiri ofizialik.

2. Pertsona bat ibil al daiteke bide publikoetan? Pertsonek honako kasu hauetan zirkulatu ahal izango dute bide edo eremu publikoetatik:

a) Elikagaiak, produktu farmazeutikoak eta behar-beharrezkoak direnak erosteko.

b) Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetara joateko.

c) Lantokira joateko, lan egitera edo jarduera profesionala edo enpresariala egitera.

d) Ohiko bizilekura itzultzeko.

e) Adinekoei, adingabeei, mendekoei, desgaitasuna duten pertsonei edo bereziki ahulak diren pertsonei laguntzeko eta zaintza emateko.

f) Finantza- eta aseguru-erakundeetara joateko.

g) Ezinbesteko kausagatik edo premia-egoeragatik.

h) Antzeko beste jarduera batzuk egiteko.

Oinez egiten diren desplazamendu horiek banaka egin beharko dira, desgaitasuna duten pertsonei laguntzeko edo bestelako arrazoi justifikatu batengatik ez bada.

Hala ere, desplazamenduak ahalik eta gehien mugatu behar dira.

3. Mendekotasuna duten familiartekoak bisitatu al daitezke? Bai, zaintza eta laguntza emateko.

4. Mendekotasuna daukan pertsona bat naiz. Arreta ematen didan pertsona etorri ahal izango da? Bai, baimendutako oinarrizko zerbitzuetako bat da.

5. Adingabeen zaintza aldatzeko mugitu al naiteke? Bai, adingabe bat artatzea dela ulertzen da.

6. Eraman al ditzaket haurrak parkera? Ez.

7. Utzi al ditzaket seme-alabak normalean zaintzen dituen pertsonaren kargura lanera joan behar badut? Bai, adingabeak edo mendekoak zaintzea dela ulertzen da.

8. Jaitsi al daiteke zaborra kalera? Bai, hurbilen dagoen gunera, eta ezinbestekoa den denboran.

9. Bizi garen eraikineko eremu komunetan (patioan, lorategian, eskaileretan...) egon al naiteke? Ez, erabilera komunitarioko eremu pribatuak baitira.

10. Maskota atera al dezaket paseatzera?

Bai, banaka, ezinbestekoa den denboran eta etxebizitzatik hurbil.

11. Joan al daiteke parkera, hondartzara edo mendira?

Ez, ez daude jasota eremu publikoan baimenduta dauden mugimenduetan.

12. Zer muga dago ibilgailu partikularretan ibil daitekeen pertsona- kopuruari dagokionez?

Ibilgailu batean pertsona bat baino gehiago ibili ahal izango dira euren artean ahalik eta distantzia handiena mantentzen bada. Esate baterako, auto batean gehienez bi pertsona joango dira, gidaria eta bidaiari bat, eta bidaiaria atzeko eserlekuan, gidariarekiko diagonalean, eseriko da.

13. Bederatzi plazara arteko ibilgailuetan joatea.

Bederatzi plazara arteko ibilgailuetan, gidaria barne, pertsona batek baino gehiagok bidaiatu behar badu ibilgailuan, garraio publiko, pribatu osagarri eta partikularrak errespetatu egingo du eserleku-lerro bakoitzeko pertsona bat gehienez joatea, eta ahalik eta distantzia handiena izango da bidaiarien artean. "

14. Mugatuta al dago ibilgailu profesionaletan edo enpresako ibilgailuetan ibil daitekeen pertsona-kopurua ere? Lanerako erabiltzen ari diren ibilgailu profesionalen edo enpresako ibilgailuen (furgonetak, kamioiak) kasuan, gidaria eta kopilotua ibili ahal izango dira, baldin eta euren artean ahalik eta distantzia handiena gordetzen badute.

15. Zirkulatu al daiteke motozikletan edo bizikletan? Bai, aurreikusitako kasuetan eta banaka.

16. Eta taxietan? Banaka, desgaitasuna duen pertsona bati, adingabe bati, adineko bati edo autonomiarik ez duen pertsona bati laguntzeko kasuetan izan ezik.

17. Joan al naiteke familiarteko baten bila aireportura, geltokira...? Ez. Baina bai aurreikusita dago adinekoei, adingabekoei, menpekotasuna dutenei, desgaitasuna duten pertsonei, edo bereziki zaurgarriak diren pertsonei laguntzeko denean.

18. Irten al daiteke kontratu bat, agiri bat edo antzeko zerbait sinatzera? Arrazoi justifikatu batengatik bada bakarrik, eta atzeraezina bada.

19. Pakete-banatzaileek zirkulatu al dezakete euren lana egiteko? Bai, euren lan-jardueraren baitan.

20. Joan al daiteke odola ematera? Bai, osasun-agintaritzak deituta eta neurriak hartuta.

21. Joan al daiteke bigarren bizilekura? Ez.

22. Bidaiarien garraio publikoa. Era honetako garraioan Osasun Zerbitzuak ezarritako neurriak errespetatuko dira, eta bidaiarien artean gutxienez metro bateko distantzia gordeko da derrigorrean.

23.- Etxe-aldaketako garraioak.

Bai. Profesionalek egiten badituzte, partikularrek inoiz ez.

24.- IAT iraungita daukan ibilgailu batekin zirkulatu ahal da?

Errege Dekretuaren Hirugarren Xedapen Gehigarria kontuan hartuta, Sektore Publikoko erakundeen prozedurak izapidetzeko epeak etenda geratu dira, eta berriz hasiko dira, haren indarraldia amaitzen denean. Egoera horietan zirkulatu daiteke

25.- Baserrietan edo landa-eremuetan dauden animaliei jaten emateko joan- etorriak egin daitezke?

Bai.