Eduki publikatzailea
Atzealdea

II. Pello Errota bertsoari sariketako finala bertan behera

Antolatzaileen ustez, txapelketak dituen helburuak ez lirateke beteko Covid-19ak eragindako egoera honetan

2020·10·30


II. Pello Errota bertsoari sariketako finala bertan behera

Antolatzaileen ustez, txapelketak dituen helburuak ez lirateke beteko Covid-19ak eragindako egoera honetan

Harituz Tolosaldeko Bertsozale Taldeak eta Asteasuko Udalak azaroaren 1erako iragarrita zegoen finala ez egitea erabaki dute Covid-19ak eragindako egoeraren ondorioz. Jaurlaritzak ezarritako arauek eta eskualdean dagoen kutsatze maila altuak ekitaldia erabat baldintzatuko luketela uste dute eta horren aurrean, hobe dela saioa beste egoera eta urte-garai batean egitea. Finalaren eguna zein izango den aurrerago zehaztuko omen dute.

Pello Errota bertsolari sariketak plazaz plazako ibilitik kanpo geratu diren baina bertso maila altua duten bertsolariei plazan aritzeko aukera ematea du helburu. Horrez gain, eskualdeko bertsozaleak bildu eta tokian tokiko eragileei bultzada emateko zeregina ere badu Pello Errota sariketak. Egoera honetan, ordea, helburu horiek ez liratekeela beteko uste dute antolatzaileek eta zurrunbilo honen erdian, bertsolariak lehiara bultzatzea ere ez dute iritzi egokiena denik.

Erabaki zuzena hartu dutela uste badute ere, Harituzeko kideek ez dute euren desilusioa ezkutatu: “lan handia da txapelketa bat antolatzea: bertsolariak lotu, saioen egunak eta lekuak finkatu, espazioak prestatu, kartelak itsatsi, gaiak jarri… eta orain, bi kanporaketa egin ostean, finala bertan behera utzi beharrak tristura eragin digu”. Orain arteko saioetara joan diren bertsozale zein bertan laguntzen aritu diren boluntarioei, berriz, esker ona adierazi nahi izan diete antolatzaileek.

Finalerako sarrerak erosita dauzkaten bertsozaleek hamabost eguneko epea izango dute sarrerak erosi dituzten lekuan itzuli eta dirua berreskuratzeko.