Asteasuk parte hartuko du "Udalak, herritarren partaidetza eta ekintza komunitarioa Gipuzkoan" jardunaldian
2023·10·19
Partaidetza alorreko ezagutza teorikoa eta praktikoa jasotzeko asmoz Gipuzkoako Foru Aldundiak Udalak, herritarren partaidetza eta ekintza komunitarioa Gipuzkoan jardunaldia antolatu du urriaren 21 erako. Udal txikiei zuzendutakoa izango da eta Zaldibiako Goizane aretoan egingo da 9:00etatik 13:45etara.
Jardunaldi honek Gobernu Oneko eta Herritarren Partaidetzako zerbitzuaren artean elkar-ezagutza, konfiantza giroa eta elkarlanerako espazioak sustatu nahi ditu.
Programaren barruan, partaidetza sustatzeko esperientzia praktikoak ezagutzeko aukera eskainiko da. Herritarren partaidetzarako gakoak praktikatik mahai inguruan Zaldibiako eta Segurako udalez gain, Asteasuk ere parte hartuko du. Izan ere, urteak daramatza partaidetza lantzen eta orain horien berri emateko aukera izango du. Hortaz, bertan izango dira Pili Legarra alkatea eta Axier Baglietto partaidetza teknikaria herriko esperientziak elkarbanatzen.