Berriak

Atzealdea

Euskararen eguna 2017: Tolosaldean euskarak 365 egun!

Eskualde mailan ekintza bateratua egingo dugu aurtengoan erakundeek eta herritarrek Euskararen Egunean. Herri guztien artean, “TOLOSALDEAN EUSKARAK 365 EGUN !!” leloa osatuko dugu, herri bakoitzak esaldi horren letra bat irudikatuz.

2017·11·30


Abenduaren 3an ospatzen da Euskararen Nazioarteko Eguna, egun seinalatua. Euskaldunik bada, euskalduna da gure herria eta hala dira gure ingurukoak: gehienok dakigu euskaraz. Horregatik diogu euskararen arnasgune osasuntsuenetakoa osatzen dugula Tolosaldeko herriok, herritarrok.

Eskualde mailan ekintza bateratua egingo dugu aurtengoan erakundeek eta herritarrek Euskararen Egunean. Herri guztien artean, “TOLOSALDEAN EUSKARAK 365 EGUN !!” leloa osatuko dugu, herri bakoitzak esaldi horren letra bat irudikatuz. Asteasuk ere parte hartu nahi du aldarrikapen egun honetan eta horregatik, abenduaren 3an, igandea, 11:30ean herriko plazan elkartu eta adierazpenaren hizki bat osatzen laguntzea proposatzen dizuegu. Halaxe egingo dute Tolosaldeko gainerako herri guztiek ere.

Ekitaldia girotzeko, beste hainbat ekintza ere egingo ditugu egun horretan gure herrian, 11:00etan hasita. Hauxe da Asteasuko egitaraua:

  • 11:00 Euskararen Txantxangorriaren margoketa herriko plazan (haurrentzat). Jarraian, Pello Errotako ikasleen dantza emanaldia (eskolan egindako koreografia).
  • 12:00 MOSAIKOA: Asteasuko herritarrok S hizkia irudikatuko dugu udaletxe aurrean eta argazki bat aterako dugu.
  • Bukatzeko, hamaiketakoa.

Eguraldi ona badago, ekitaldiak plazan egingo dira. Euria ari balu, aldiz, herriko frontoian.

Ospa dezagun elkarrekin gure hizkuntzaren eguna!