Berriak

Atzealdea

Asteasuko Azoka irailaren 24an

Arroz-esne lehiaketa eta dantzaldia ere izango dira

2017·09·15


Urteko ekitaldi garrantzitsuenetakoa da Asteasun iraileko azoka. Irailaren 24an, igandez egingo da, ohikoa den moduan, udazken hasieran. Azokan, Asteasuko baserrietako ganaduen erakusketaz gain, Euskal Herriko hainbat artisau, janari-ekoizle eta arlo askotako eskulangile egongo dira.

Egitarauan dagoeneko ezinbesteko bihurtu den arroz-esne lehiaketa ere egingo da. Oro har, herritarrek hartzen dute parte, baina nahi duenak eman lezake izena. Horretarako, arroz-esnea frontoian aurkeztu behar da, goizeko 11:00ak baino lehen. Eguerdian, epaimahaiak aukeratutako lehen hiru partaideak sarituko dira.

Berrikuntza gisa, arratsaldeko musika eta dantza-saioa dago. Hasteko, Asteasuko trikitixa-ikasleek emanaldia egingo dute, eta segidan Ttipika taldeak dantzaldi gidatua egingo du, animatzen den oro dantzan jartzeko. 

Egitaraua

  • 10:00: Azoka eta ganadu erakusketa irekitzea
  • 11:00: Txekor-erre pintxoak eta taloak
  • 12:00: Arroz-esne lehiaketaren sari-banaketa
  • 12:30: Esne-behien erakustaldia
  • 18:00: Asteasuko trikitilariak
    • Ondoren dantzaldi gidatua Ttipika taldearekin