Publicador de contenidos
Atrás

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalera joateko autobusak

Joaneko autobusak 15:00retan abiatuko dira dagozkien tokietatik eta itzulerako autobusa finala amaitu eta 30 minutura abiatuko da Ilunbetik

29·11·2019


Harituz Tolosaldeko Bertsozale Taldeak autobusak antolatu ditu abenduaren 14an Ilunben izango den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalera joateko. Autobus batek Tolosa inguruko herrietan zehar egingo ditu geldialdiak, Alegia, Tolosa, Anoeta eta Iruran, hain justu ere, bertako jendea hartu eta Donostiara eramateko. Beste autobusak, berriz, Aiztondo bailarako herrietako jendea bilduko du, Asteasun, Zizurkilen, Amasa-Villabonan eta Andoainen geldialdiak eginez.

Joaneko autobusak 15:00retan abiatuko dira, bata Alegiatik eta bestea, Asteasutik. Dagozkien geldialdiak egin ondoren, 15:40rako Ilunbera iristea aurreikusten dute antolatzaileek. Ilunbeko ateak, berriz, 15:30etan zabalduko dira, jendea denborarekin lekua hartzera joan dadin. Itzulerako autobusa berriz, finala amaitu eta 30 minutura abiatuko da Ilunbetik. Itzultzerakoan ere, autobus bakoitzak joaneko bidaian egindako geldialdi berdinak egingo ditu.

Autobus horietan joan ahal izateko, Harituz taldeak hainbat lekutan jarri ditu eskuragarri izen-emate zerrendak. Tolosaldeko autobusari dagokionez, Alegiako kultur etxean, Tolosan dagoen Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen bulegoan eta Anoetako eta Irurako liburutegietan eman ahal izango da izena. Aiztondoko autobusari dagokionez, berriz, Asteasuko kultur etxea, Zizurkilgo Iriarte jatetxea, Amasa-Villabonako Amasa kafetegia eta Andoaingo Ernaitza liburudenda izango dira izen-emate puntuak. Beste aukera harituz.bzt@gmail.com helbide elektronikora mezu bat idaztea izango da edota 628 912 230 telefono zenbakira deituz erreserba egitea.

HARITUZek eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak finalera autobusez joateko gomendioa egiten diete bertsozaleei, izan ere, egun berean Errealaren eta Bartzelonaren arteko futbol partida izango da Reale Arena futbol zelaian eta trafikoan eragozpenak egotea espero da.